Hemeroteca

#BilbaoGabonak

#BilbaoGabonak izen orokorrarekin Bilboko Udalak proiektu pilotua jarri du aurten abian; proiektu honen helburua apurka-apurka Hiribildua gune erakarle garrantzitsu bihurtzea da, baita Gabonetan ere. Horretarako, Europako beste hiri nagusi batzuetan garatzen den ereduari jarraituz, aurten Bilbok berrikuntzekin sendotu du Gabonetarako bere proiektua eta horiek hirian aurreikusi diren 400 jarduera baino gehiagori batzen zaizkie: Gabonetako Azoka bat, helduentzako eta umeentzako aisialdiko gune bat, lehenengoz “izotz ekologikozko pista bat” eta txirrista bat eskaintzen dituena, argi eta apaingarri berriak, deigarriagoak eta originalagoak.

#BilbaoGabonak Itsasadarraren bi aldeetan egongo da kokatuta —Areatzan eta Erripako kaian—, horrela Bilboko Udaletxeko eta Areatzako zubien arteko ibiltokia ekimenak auzo guztietara zabaldu nahi duen jarduera-gune bihurtuz.

Umeentzako jarduerak
Azaroaren 29tik urtarrilaren 6ra arte, Erripa kaian, umeek aisialdi gune handi batez gozatzeko aukera izango dute, “Gabonetako Ametsen Faktoria” Txikiguneaz, hain zuzen. 400 metroko karpa horretan tailerrak eta jolasak izango dituzte, bai eta emanaldiak ere. Aire zabaleko umeentzako Gabon parke horretan Bilboko Udalak hainbat dinamika pedagogiko eta entretenigarri eskainiko ditu, familiako kide guztiek, adingabekoek zein helduek, ondo pasa dezaten. Astelehenetik ostiralera (eskola garaian) egongo da zabalik, 16:30etik 20:30ak arte. Asteburuetan, zubietan eta eskolako oporraldian txikigunea 11:00etatik 14:00etara egongo da irekita goizez, eta 16:30etik 20:30era arratsaldez.

Aurtengo Gabonetako beste berrikuntzetako bat aire zabaleko izotz pista da. Aurten patinatzeko pista tradizionala ez da La Casillako pabiloian egongo eta kanpora, zerupera, aterako da, Erripako kaira. Halaber, lehenengoz, “izotz ekologikoa” erabiliko da hiribilduan. Material berritzaileak, abangoardistak eta jasangarriagoak erabiliko dira, hau da, ur izoztuzko pista baten patinatzearen sentsazioa eragiten dutenak. Apustu honekin Udalak ur eta elektrizitate asko aurreztea lortuko du eta atmosferara CO2 tonak emititzea saihestuko da.

Instalazioak 400 metro karratuko pista bat eta sei erreidun txirrista bat edukiko ditu. Bi jarduera horiek azaroaren 29tik urtarrilaren 6ra bitartean egongo dira martxan. 30 minutuz patinatzeko sarrerak hiru euroko prezioa izango du, eta txirristatik hiru aldiz jaisteko sarrerak, aldiz, bi eurokoa. Taldeek, familia ugariek eta 65 urtetik gorako adinekoek tarifa bereziak izango dituzte.

Sarrerak Erripako kaiko leihatiletan egongo dira salgai, baita Interneten ere,www.ticketea.com plataformaren bidez. Taldeen (+20 pertsona) erreserba egiteko, helbide honetara idatzi behar da: reservasgabonak@proasur.com. Instalazioak irekitzeko ezarri den ordutegia seguruenik 11:00-14:00 eta 16:30-20:30 izango da.

Gabonak Bilboko auzoetan
Eskaintza kulturalari dagokionez, Bilboko Udalak gaikako programazioak antolatu ditu Barruti eta auzoetan. Programazio horien baitan jarduera tradizionalagoak sartzen dira, adibidez Abesbatzen Gabonetako Kontzertuak, baina baita umorea, antzerkia eta zirku garaikidea ere; jarduerak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira eta adin guztiak hartu dira kontuan. Aldi berean, Otxarkoagan adinekoentzako Antzerki eta Abesbatzen Hamabostaldia ospatuko da, Santutxun ikuslego helduarentzako umore bakarrizketak eta familian gozatzeko dozenaka antzerki-emankizun egongo dira. Horrela, Udalak kulturarako sarbidea erraztuko du. Norberak aukera erraza izango du auzoetan ere bere gustuko jarduerak aurkitzeko eta, ez ahaztu, denak doakoak.

Ildo horretatik, Santutxuko Udaltegian bihar, hilak 29, hasita Umorezko Bakarrizketen Zikloaren edizio berria dago. Jarduera hori Asier Hormazak estreinatuko du “Superviviendo” ikuskizunarekin; egunetik egunera bakarrik bizirauteko kapaz izan behar duen antigoaleko ezkongabe poligonozale baten bizitza nolakoa den kontatuko digu. Bakarrizlarien artean Ohian Vega, Enrique Loyola, Ramón Agirre eta Inazio Tolosa eta Rafa Maza egongo dira.

Aipatu den gaikako banaketa horren baitan, Errekalde izango da zirkuaren barrutia. Programa abenduaren 14an hasiko da eta adin guztietako ikusleentzako zirku garaikideko sei ikuskizun bilduko ditu Jean Philippe Atchoum, Trakamatraka edo Zirika Zirkus moduko konpainiekin. Jarduketa guztiak Errekaldeko Udaltegian izango dira.

Uribarriko Barrutian, zehazki, Kastaños eta Zurbaranbarri Udaltegietan, hilaren 11tik aurrera pailazoen eta clownen zortzi ikuskizun antolatuko dira —euskaraz eta gaztelaniaz— batez ere familientzat pentsatuta daudenak. Bertan Virginia Imaz, PomPom antzerki taldea, Pepa ta Kutxo edo Puski ta Txurruski bezalako artistak izango dira. Antzerki laburreko pieza hauek era askotako gaiak eta estetikak proposatuko dizkigute, baina guztien ardatza etxeko txikienentzat egokituta dagoen umore-sena da.

Aurten, berriz ere, Deustuko Barrutian euskal kulturarekin eta euskararekin lotuta dauden jarduerak antolatuko dira —euskaldun gehien duen barrutia da—. Bertsolariak, euskarazko antzerkia edo Harkaitz Cano idazlearekin egingo den topaketa poetiko bat aipa daitezke. Guztira dozena erdi jarduera izango dira —familia osoarentzat eta helduentzat—. Jarduerok hilaren 10ean hasiko dira, Deustuko Udaltegian, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina bertsolariekin egingo den bertso saioarekin.

Otxarkoaga auzoan Adinekoentzako Antzerki eta Abesbatzen Hamabostaldiaren edizio berria ospatuko da. Hamabostaldi honetako protagonistak Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako adinekoen elkarteetako abesbatza eta antzerki talde afizionatuak izango dira. Bilboko Udalaren ekimen hau Otxarkoaga-Txurdinagako Jubilatuen eta Pentsiodunen Elkartearekin batera antolatzen da.

Aldi berean, parrokietan egingo den Gabonetako Abesbatzen Kontzertuak jarduera daukagu, Hiribilduko barruti guztietan egingo dena. 16 emankizun izango dira eta ostiral honetan bertan hasiko dira Alde Zaharreko Santos Juanes elizan Bilboko Abesbatza eta Kamerako Orkestrarekin. Gaika antolatu eta barrutietan banatu den programazio hau guztia Bidebarrieta Kulturgunearen literatur ekimenekin osatuko da.

Kultura gehiago hirian
Udal programazio hau hiribilduko beste erakunde pribatu batzuek eta Udalaren beraren beste sozietate batzuek antolatzen dituzten dozenaka jarduerekin osatzen da. Honako hauek dira horien adibide batzuk:

Arriaga Antzokian Gabonak aste bat arinago iristen dira Gau Magikoarekin. Abenduaren 15ean eta 16an ikusleek Kai, Mai eta Koaren abenturarekin gozatuko dute. Abentura giro magikoan garatuko da eta musikal handi baten forman iritsiko zaigu, ikuskizun bakarrean antzerkia, musika eta proiekzioak uztartuz. Gau Magikoaren sustatzaile nagusia Gontzal Mendibil da eta bertan, beste sorpresa batzuen artean, Umeen Easo Abesbatzak eta Txan magoak parte hartzen dute.

Abenduaren 27a eta 29a artean Arriaga Antzokiaren karteldegiak familiarentzako beste ikuskizun bat eskainiko du, Gabonak bezalako aldi honetarako ezin hobea dena. PinoXXIo da, inolako dudarik gabe literatura unibertsalean ezagunenetakoa den Colodiren ipuin klasiko handiarekin Ananda Dansa Konpainiak egiten duen bertsio askea. Konpainia honek Dantza Nazio Saria irabazi zuen 2006an. Ikuskizuna izugarri berme sendoarekin dator Bilbora zazpi Max Sari irabazi ondoren; sari horien artean ikusle guztientzako ikuskizunik onenarena irabazi zuen. Kontakizunari bere alderdi ikonografiko ezagunenak kenduz obra harrigarri honek funtsa bilatu nahi izan du: Gepetoren, aita eta Pinoxxioren, semea, arteko harremana. Gepetok Pinoxxio berak seme batek nolakoa izan behar duen irudikatu duena bezalakoa izatea nahi du; ordea, Pinoxxiok ez dauka esperientziarik eta mundua deskubritu nahi du. Istorioa, gure istorioa, aurkaratze honena, negoziatuz konpon daiteke, derrigorrezko ezarpenik gabe eta maitasunez.

Azkenik, Arriaga Antzokian 2019. urtea Caperucita Blanca estreinaldiarekin hasiko da, Txanozuritxu operaren gaztelaniazko bertsioarekin; interpreteak bost musikari eta zortzi abeslari dira; zuzendaritza eszenikoa Mitxel Santamarinaren ardura da eta musikala Carlos Imazena. Ipuin ezagunaren bertsio askea da, egoera eguneroko eta moderno batera era harrigarrian egokitzeko moduko pertsonaiak eta eszenatokiak eskaintzen dituena. Caperucita nerabea da eta lagunak egiteko ahaleginean Loborengana hurbilduko da, bere ikasgelako mutil enigmatiko batengana. Obra urtarrilaren 2tik 5era bitartean egongo da Arriaga antzokian.

Beste alde batetik, Azkuna Zentroak berriz jarriko du abian, ikastetxeen Gabonetako oporretan zehar, Gabonak Arte-ren edizio berria. Hezkuntzazko programa ludiko honek arte garaikidearekin, zuzeneko artearekin, musikarekin, zinearekin eta ikus-entzunezkoekin, literaturarekin eta ilustrazioarekin lotuta dauden esperientzia artistikoak proposatzen ditu.

Programak ikuslegoa benetako protagonista bihurtzen duten sorkuntzaren arloko era askotako esperientziak biltzen ditu eta jendeari harritzeko, esperimentatzeko eta jakin-mina sustatzeko aukera eskaintzen zaio. Familian egiten diren jarduera hauen bidez besteak beste berdintasuna, askotarikotasuna, begirunea edo tolerantzia bezalako baloreak sustatzen dira.

Gabonak Arteko jarduerak udal zentroaren programazio egonkorraren adibidea dira eta helburua ikusleak eguneroko era baten sorkuntza garaikidera hurbilaraztea da, horrela artearen eta artisten bidezko ikaskuntza normalizatuz. Ikusleen gogoeta sustatzen eta gaitasunak, jarrerak eta trebeziak garatzen dituzten esperientziak.

Olentzero eta Errege Magoak
Gabonetako udal egitarauan lehentasuna dute Errege Magoek eta Olentzerok. Hain zuzen, laster Bilbora egingo duten bisita prestatzen ari dira.

Olentzero iritsiko da lehenengo; izan ere, bere baserritik hilaren 23an (igandea) jaisteko asmoa du, arratsaldez. Euskadiko ikazkinik ospetsuena Bilboko kaleetatik ibiliko da 17:30etatik aurrera. Carlton Hoteleko balkoira aterako da Mari Domingirekin batera ume guztiak agurtzeko. Bertan egongo dira, beti bezala, bere lagunak diren Galtzagorriak, Basajaun eta Lamia. Ostean, kalejiran joango da Arriaga Antzokiraino, eta zuzeneko musika izango duen antzerki-ikuskizuna egongo da.

Hilaren 23ko gauean Arriaga Antzokian egingo dute lo eta hurrengo goizean 11:00etatik aurrera hiribilduko gaztetxo guztien bisita izango dute.

Urte berriarekin batera Ekialdeko Errege Magoen txanda iritsiko da. Meltxor, Gaspar eta Baltasar urtarrilaren 5eko arratsaldean itzuliko dira Bilbora beren kabalgatarekin. Argiz, soinuz, kolorez eta pertsonaia alaiz betetako karrozen segizioaz lagunduta etorriko dira. Kale Nagusitik udaletxeko eraikin nagusirainoko ibilbidea egingo dute, eta Arabiar aretoan Bilboko familien desirak eta gutunak jasoko dituzte Ekialdeko Maiestateek.

Umeentzako eta gazteentzako jarduerak
Bilboko Udalak, aldi berean, 17 urtera arteko umeentzako eta gazteentzako aisialdiko programa zabala prestatu du. Familian egiteko jarduerak dira, besteak beste kirolaren edo musikaren arlokoak, errobotikari lotuta daudenak, edo sukaldaritzari, modari eta bideojokoei lotutakoak; horien guztien xedea gazteenak dibertitzeko, hezteko eta baloreetan trebatzeko eskaintza oparoa eratzen izan da. Egitarau horiekin Gabonetako oporraldiak iraun bitartean bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa bateratu ahal izatea erraztuko du Udalak.

Berrikuntza gisa, aurten ipuin musikatuen 6 saio egingo dira “Kontari eta Kantari” izenburuarekin; saio horiek 7 urtera arteko umeak dituzten familientzat dira. Udalaren helburua belaunaldi-arteko espazio ludikoa, kulturala eta aisialdikoa eskaintzea da, familiek kalitatezko denbora konpartitzeko eta tarte horretan gozatzeko aukera izan dezaten.

Saioak doakoak dira eta sarrera askea da aforoa bete arte (25 ume eta adingabeko bakoitzeko laguntzaile heldu bat saioko). Abandoko Udaltegian egingo dira azaroaren 30ean, abenduaren 14an —bi saio— eta abenduaren 21ean eta Errekaldeko Udaltegian urtarrilaren 2an eta 4an.

Aurten berria den beste programa bat Gazteklubaren Gabonak berezia da. Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra arte egingo da hiriko toki batzuetan —Bilborock, Azkuna Zentroa, Txurdinagako Kiroldegia, Inedi Zentroa eta Harritxoen Zelaia—. 12 eta 18 urte arteko neska eta mutilentzat da.

Gazteek besteak beste saskibaloia, parkourra edo euren artean hain desberdinak diren esgrima eta errugbia konbinatzen dituen juggerra moduko kirolak egiteko aukera izango dute. Banda gazteen musika jaialdi bat egongo da, eta baita bideojokoen zaleak diren pertsonen topaketa bat ere. Era berean, sukaldaritza eta modako tailerrak antolatu dira. Jarduera hauek guztiak doan izango dira. Inskripzioak egiteko epea abenduaren 10ean hasiko da.

Halaber, Gaztekluba Gabonakek bi irteera eskaintzen ditu. Lehenengoa, Astúnera; gazteek gaua bertan igaroko dute eta elurraz gozatu eta eskiatzeko aukera izango dute. Bigarren txangoa Donostiara izango da.

Urtero bezala, udalak “Gabongune” (5-8 urteko umeentzat) eta “Gabonkide” (9-11 urteko gaztetxoentzat) ekimenak jarri ditu martxan. Bi programa hauek 372 plazatik gora eskaintzen dituzte eta umeek landuko duten balore nagusia sorkuntza izango da; “Ingéniatelas”, musika elektronikoaren, errobotikaren, droneen edo trivial jokoaren zaleak direnentzat antolatu den tailerra; eta “Navidad Divertida, Navidad Deportiva”, 1.026 plazarekin, kirola eginez gozatu nahi dutenentzat.

Informazio gehiago: www.bilbao.eus webgunean.