Trapagarango haranean Euskadiko meategi gunerik garrantzitsuena aurkitzen dugu: Zugaztieta-Arboleda. Familian bisitatzeko ezinbesteko espazio naturala da. Bertan, landa berdeak eta aisialdirako pilo bat leku aurkituko ditugu. Gainera, antzinako meategiak, gaur egun laku artifizialak bilakatuta, izugarriak dira eta hainbat ibilbide eskaintgzen dizkigute. Guk ibilbide laburtxu bat egin genuen eta umeei utzi genien gidaren papera, leku guztiak miatuz eta nundik joan aukeratzen. Horrela hainbat burdinezko eskultura, zubi, laku… eta ahate familia bat aurkitu genituen. Benetan leku berezi eta ikusgarria da egun bat familian pasatzeko.
Nola heldu?
Zugaztietara kotxez zein funikularrez hel zaitezkete. Umeekin joanez gero, gure gomendioa bigarren aukera hartzea da. Handik ikusten diren ikuspegiak ikusgarriak dira: Abra erreka, hegal menditsuak, meatze jarduera zaharreko zakartegiak, itsasoa… Eta Larreinetako goiko geltokira iristean Bilboko ikuspegi paregabeak ikus daitezke, besteak beste, bere ibaia, itsasoa, bere baserriak… Gainera, hemendik kilometro batera, Zugaztietara helduko zara ibilbide erraz batetik. Jatorriz, 1926an, Larreinetako funikularra merkantziak garraiatzeko eta Zugaztietako meatze eremu menditsurako bidea irekitzeko sortu zen.