Berriak Topak

Bitartean, etxetik ikasten

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta EiTBk martxoaren 30etik aurrera abian jarriko dute hezkuntza-saio berria “Bitartean, Etxetik Ikasten” izenburupean. Programa honen helburua ikasleen hezkuntza-prozesua erraztea da, batez ere, etxean euskarri teknologikorik ez duten haurrena. Eskainiko diren edukiak Lehen Hezkuntzako ikasle guztientzat izango dira, baina, batez ere, etapa horretako 1. eta 4. maila bitarteko neska-mutilentzat. Hezkuntza-saio hau euskaraz eskainiko da.

Era berean, Hezkuntza Sailaren zein EiTBren asmoa da “Bitartean, Etxetik Ikasten” saioa interaktibo bihurtzea. Era horretan, ikasleek euren galderak, zalantzak edo iradokizunak luzatu ahal izango dituzte, eta horien erantzunak programan zehar edo hurrengo emankizunetan jasoko dituzte.

Atalak eta gaiak
Egunero, “Bitartean, Etxetik Ikasten” saioa Aldaba izeneko tartearekin irekiko da. Irakasleak etxeetatik jasotako feedbacka partekatzeko unea izango da: jasotako argazkiak, audioak, kezkak eta galderak erantzuteko momentua. Programan ikasleen interakzioa bilatu nahi da. Horretarako, irakasleek haurrei gonbidapena luzatuko diete beraien galderak bidaltzeko, eta hurrengo saioetan galdera horiei erantzungo zaie.

Orobat, egunean hiru orduko eskola hauetan denetariko gaiak jorratu dira, hainbat ataletan banatuta.

Esaterako, Irakurketarekin goxatzen atalean, egunero, ordu laurden bat eskainiko diote irakurketaren ulermenari, testu ezberdinak oinarri hartuta.

Euskararen gaia Hitzak jolasean tartean landuko da. Ahozkotasunak izango du lehentasuna (hitz-jokoak, aho-korapiloak, ikerketa proposamenak, errezetak, komikiak, ipuinak, bitxikeriak…), idatzizko adierazpena ahaztu gabe.

Mugi-mugi atalak itxialdian gauden bitartean gorputzaren lanketarako ariketak proposatuko ditu.

Hari-mataza tartean, berriz, matematikaren txanda izango da: buruketak, mahai-jolasak, jolas matematikoak, matematikaren eragina egunerokotasunean, buruzko kalkulurako estrategiak, abakoen erabilera, bitxikeria matematikoak, eragiketak egiteko estrategiak…

English cornerean, ingelesaren irakaskuntzara hurbilduko ditu ikus-entzule gazteak (errutina, hiztegia, irakurketa, olerkiak, marrazki bizidunak edota albiste laburrak), beti ere ikusteko euskarriaz lagunduta.

Gizarte Zientziak landuko dira Munduaren birak atalean, eta bertan zuhaitz genealogikoaz eta norberaren bizitzaren kronogramaz jardungo dute, beste gai batzuen artean.

Zientzia edonon sailak, aldiz, honako gaiak jorratuko ditu: metodo zientifikoaren erabilera egunerokotasunean, esperimentazioa eta, oro har, zientziari buruzko dokumentalak ere erakutsiko dira. Teknologia konpetentziari eskainitako denboran, modu errazean, jolasen bidez eraikitzea sustatuko da.

Musikak izango du, berebat, bere lekua. Ttakun-ttakun atalean musika-adierazpena, dantzak, perkusio jolasak eta erritmoak landuko dira.

Eta azkenik, Bitakorak egingo du egunaren itxiera, zer ikasi den errepasatzeko eta ikusleak gune interaktiboan parte hartzera gonbidatzeko.

Hori guztia, ETB3n eta eitb.eus-en eskaintzeaz gain, Hiru3ko euskarri digitaletan ere jasoko da ondoren (webgunean, APPan, HBBTV eta Smart TV zerbitzuetan).