Maiatzaren 9rarte, Deusto Expo Centerrek (Blas de Otero, 54 baxua) ‘Egiptoko Jainko eta Erregeak’ erakusketa aurkezten digu. Egia esan, erakusketa honetara joateko irrikitan geunden, etxeko txikiei Egiptoko gaia asko gustatzen zaielako. Pilo bat gauza ikasi ditugu kultura honi buruz eta momentu batez, benetako Abu Simbel tenpluaren barruan gaudela sentitu dugu, pasada bat izan da. Honez gain, Tutankhamonen sarkofagoa ikusi dugu eta gidaren linternaren argiaren bitartez, jeroglifikoen esanahiak eta hainbat jainko, Anubis, Ra, Osiris… ezagutu ditugu. Bisita gidatua da eta ordu bete bat (15 minutuko bideo bat kontutan harturik) irauten du. Bisitaren ostean, zure kabuz erakusketa ikusteko denbora daukazu eta txikienek ere txoko bat dute ikasitako guztia praktikan jartzeko marrazkien bitartez.
Erakusketa hau Hany Mostafa artisau egipziarren 8 urteko lanaren ondorioa da. Egiptoko Gobernuaren baimen berezi bati esker, Egiptoko hainbat eskultura, sarkofago, polikromia, objektu… sortu eta erakutsi ditu 1.300 m2tan.