Gabonak gero eta hurbilago ditugu eta horregatik, Izenaduba Basora bisitatxoa inoiz baino egokiagoa bihurtzen da. Pasa den urtean 25 laguneko talde bat, 2 eta 4 urte bitarteko haurrekin joan ginen Olentzeroren etxera Mungiara. Sarrerak bi hilabeteko aurrerapenaz erosi genituen, bisita data gabon egunetan izan zedin. Luzea izan zen itxaronaldia, baina ezkenenan iritsi zen eguna.
Eguerdirako hartu genuen txanda, eta sartu aurretik Olentzero etxearen ondoan dagoen parke bateko mahaietan bazkaldu genuen. Behin barruan ginela, Iratxo batek gidatu gintuen Mari eta Tartalo bezalako euskal pertsonaia mitolojikoak zeuden lorategi batean zehar. Bukatzean, baserri zoragarri batean aurkitu genuen Olentzero adeitsu eta alai bat. Haur guztiak banan banan hartu zituen altzoan, opariei eta txintxo izan beharrari buruz luze hitz egin zuen bakoitzarekin eta azkenik haien gutunak ere jaso zituen. Baita txikienen txupetetak ere!
Itzulia 3D film labur batekin bukatu zen, besaulkiak batetik bestera mugitzen ziren gela batean.
Gure kasuan ezin izan genuen Olentzeroren etxe aurrean dagoen parkeaz gozatu, data horietan bisitari kopuru handia dela eta, talde bakoitzak itzulia egiteko denbora neurtuta duelako. Esan beharra dago, zorte izugarria izan genuela eguraldiarekin. Eguzkitsua eta epela suertatu zitzaigun, baina zaila zait bisita euripean edo hotzez imaginatzea, bisitaren zati handiena kanpo aldean egiten baita.
informazio gehiago nahi izanez gero…. www.izenaduba.com.