Txangoak

Ubaguako iturburura irtenaldia

Haur txikienekin ere egin daitekeen txango bat proposatzen dizuet, Nafarroako Ubagua ibaiaren iturburua. Bidea kilometro eta erdi ingurukoa da, eta aldapa gabe darrai ibaiaren ondoan. Haur orgarekin egiteko bezalako ibilbidea da, beti ere gurpil handiak baditu (Mclaren klasikoa bezala).

Gure lehen helburua Riezu da, Nafarroan, bertako azken etxearen ondoren datorren zubia zeharkatuta hasiko dugu ibilbidea. “Cañon del Rio Ubagua” zeinua jarraituz kilometro eta erdiko ibilbide polita dugu, paisaia dotore eta urjausiez gozatzeko aukera ematen digularik. Bide erdian, “indiana Jones” filmeetakoa dirudien zubi zintzilikaria dugu, haurren jolasentzako aitzaki aparta.

Tamalez, iturburuaren kokapena ez da inon adierazten. Bertara heltzeko “Lezaun” adierazten duen kartela bilatuko dugu ibilbidearen bukaeran. Erreka ondora jeitsi eta metro batzuk aurrerago aurkituko dugu. Iturburuaren bereizgarrietako bat, ura harroka tartetik gorantz irtetzen dela da, horizontalean edo urjausi txiki batean egin ordez.

Familian egiteko txango lasai eta polita da.

Oharra: Asteburua eta egun batzuk inguruan pasatzea erabaki baduzue Urbasako mendilerroak beste hainbat ibilbide eskaintzen ditu, seme alabekin naturaz gozatzeko. Lagunekin bidaiatzen baduzue gainera, Haritzalotz landetxean gelditu zaitezkete. Nafarroan piszina klimatizatua duen bakarrenetakoa. Solairu bakarreko etxe erraldoi honek bost gela, egongela izugarria, hiru bainugela eta ume eta nagusien denbora pasarako futbolina, ping-pong-a eta jolas parkea ditu. Informazio gehiago: www.haritzalotz.com