Hirugarren urtez jarraian, Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailak eta ABAO-OLBEk beren lankidetza-hitzarmena berritu dute, ABAO Txiki denboraldian zehar 12 urteko Bizkaiko gaztetxoenen artean garraio publikoaren erabilera eta opera-zaletasuna sustatzeko xedearekin. Besteak beste, hitzarmenean 400 gonbidapen banatzea aurreikusten da, 100 sarrera 2018 – 2019 ABAO Txiki Programa osatzen duen obra bakoitzeko: ‘El bosque de Grimm’, azaroaren 3 eta 4an; ‘Caperucita blanca’, urtarrilaren 3, 4 eta 5ean; ‘El traje nuevo del emperador’, otsailaren 23 eta 24an, eta ‘El científico de la ópera’, maiatzaren 18 eta 19an.
Adin nagusiko baten laguntzarekin operara joan nahi duen eta 12 urte edo gutxiago dituen ume bizkaitar bakoitzak Bizkaibus autobus baten barruan edo ondoan edo markesina batean ageri den argazki bat atera beharko du edo 2018 – 2019 ABAO Txikiren opera-denboraldiko titulu edo pertsonaiekin loturiko marrazki bat egin beharko dute. Materialak ABAO-OLBEren bulegoetan aurkeztu beharko dira, José María Olabarri kaleko 2-4 etxabean. Gero, programatuta dauden lau operetako bat aukeratu ostean, gonbidapenak jaso beharko dituzte.
Emankizunen egunetan, Arriaga Antzokiko atondoan erakutsiko dira argazkiak eta marrazkiak. Gainera, horien ondoan kartulinazko autobus bat jarriko da “Bizkaibusek operara zaramatza” leloarekin, haurrek argazkiak atera ahalko dituzte, autobusean bidaiatzen doazenaren itxurak egiten.