Urdaibai Bird Center bisita oso gomendagarria da familian egiteko. Eraikin osoa era original batean eginda dago, benetako aireportu bat izango balitz bezala. Bertako langileek oso harrera ona egin ziguten eta gure bisitarako behar genituen tresneria guztia eman ziguten: audiogia, prismatikoak, mapa bat…
Bisita osoa jolas bat bezala antolatuta dago. Enara batzuk, jarraitu behar dugun bidea erakutsiko digute eta audiogiaren laguntzaz puntuz puntu geratzen joango gara informazio interesgarria jasotzeko. Gure ibilbidean, hegaztien migrazioa ezagutuko dugu, munduko beste hezegunetan dauden hegaztiak ikusiko ditugu eta migrazioen mapa erraldoia aztertzeko aukera izango dugu. Azkenik, Urdaibaiko hezegunera ematen duen lehiatila erraldoi batera helduko gara. Bertan dauden teleskopioetatik hor momentuan dauden hegaztiak ikusi ahalko ditugu. Oso esperientzia ederra da. Gainera, bertan panel batean ikusiko ditugu egun horretan zehar hezegunetik agertu diren hegazti desberdinen argazkiak. Zonalde horretan Aranzadi Fundazioaren pertsona bat zegoen, gure galderak erantzuteko prest eta teleskopioekin eta hegaztien behaketarekin laguntzeko. Bisitarekin amaitzeko, goiko dorrera igo gaitezke, paduren ikuspuntu ezinhobea izateko.
Eguna borobiltzeko, Urdaibai Bird Centerren ondoan dauden behatokietara joan gaitezke. Oruetakoa 5 minutura aurkitzen da eta Ozollokoa 15 minutura.
Informazio gehiago HEMEN.
Urdaibai Bird Center
Orueta 7. Gautegiz Arteaga (Bizkaia)