Etxetik hurbil leku zoragarriak ditugu eta askotan, eztakigu. Hauxe da, hain zuzen, proposatzen dizuegun txango honekin gertatu zaiguna. Gerrikaitzetik Ziortzako kolegiatara helduko gara oraingoan. 4 km ( joan eta etorri) dituen txango bat da, Lea ibaiaren ondotik igarotzen dena. Ibaiaren bazterrean txoko ederrak aurkituko ditugu, ur jauziak, putzuak… dena baso berde batez inguratuta. Bidea erraza da umeekin egiteko, hori bai, prestatu 320 eskilara igoteko baso artean (baina ingurua hain da zoragarria, konturatu barik igoko dituzula). Behin Ziortzako kolegiatara helduta, barrutik bisitatzea gomendatzen dizuegu. Bertan Bizkaian dagoen organo zaharretako bat aurkituko duzue eta errenazimenduko klaustro zoragarri bat. Txangoa, umeekin joanez gero, bi ordu eta erdian egin daiteke (joan eta etorri). Bueltatzen zaretenean, Bengolako energia berriztagarrien zentroa ikus dezakezue. Bertan mahai batzuk eta zubi xelebre bat aurkituko dituzue. Hauxe da zalantzarik gabe, etxe ondoan dugun txango zoragarritariko bat.