Urko ibilbidea Markina-Xemein eta Etxebarria (Bizkaian Lea Artibaiko eskualdean) lotzen dituen oinezkoentzako bidegorria da. Joan-etorria 5 kilometro luze da, aldapa gabea eta haur orgekin arazo gabe egiteko modukoa.
Urko ibilbidea familian
Bidea, Munibe Jauregiko atarian hasten da. Markinan “zelaia” (garai bateko “praue”) atzean utzi eta Etxebarriarako bidea hartu bezain laster eskubitara ikusiko dugu sarrera. Bertan Urko ibilbidearen konpainian egingo dugu txangoa, han hemenka urjauziak, aintzinako errota, dorretxe eta burdinolak ikusiko ditugularik. Hauen artean, Ansotegi jauregi ederra aipatu beharra dago. Gaur egun hotel bezala berriztua eta baita bere aurrean duen zubi berezia ere. Bidean ageri den argibide taula baten arabera erdi aroan Etxebarriara sartzeko nahitaezko bidesaria ordaindu behar zen puntua. Datu bitxia iruditu zitzaigun. Egia esan, ibilbidean zehar aurkitzen ditugun panelak oso interesgarriak izan ziren aurreko garaietako eraikinen eta egoeren historia ezagutzeko.
Bidearen amaieran, skate park bat aurkitu genuen, Etxebarriara heltzen, bertan txikiek jolasteko aprobetxatu zuten. Itzuleran, Markinan, Tate gozotegian gelditu ginen, nola ez, indarrak hartzen Arretxinagako San Migel baseliza bitxia bisitatzeko. Barruan hiru harri handi ezkutatzen dituen eraikin bitxia da. Markinan bazaudete, ez joan hura ikusi gabe. Benetan ikusgarria da.
Azken batean, familiako ihesaldi erraza, laburra eta polita duzue Urko Ibilbidea.