Gasteizko eraztun berdearen barruan, familiartean txango bat egiteko leku zoragarri bat dago. Salburuko parkea eta Ataria, inguruko hezeguneen interpretazio-zentroak, hamaika aukera eskaintzen dizkigu paseatzeko, ingurua ezagutzeko eta bertan bizi diren zikoinak, oreinak, ahateak eta gainerako animaliez gozatzeko.
Ataria, hezeguneetako interpretazio-zentroa
Salburuko parkera iritsi bezain laster, Ataria topatzen dugu. GuriArteagako Urdaibai Bird Center gogorarazten digu. Sarrera doakoa da eta bisitatzea gomendatzen dizuegu, oso leku interesgarria delako.
Ataria hezeguneei buruzko komunikazio, hezkuntza eta kontzientziazio-jarduerak egiteko plataforma bat da. Salburua parkeko hezegune-sistemak lau aintzira nagusi ditu. Gasteiztik hurbilen dagoena Betoñuko aintzira da; ekialderago Arkautiko aintzira dago; bi horien artean, iparraldean, Larreganakoa, eta Betoñu ondoan, Duranzarrakoa.
Atarian, materialen dentsitateak eta sare trofikoak nola funtzionatzen duen ikasi ahal izango dugu: animalien elikadura-katea, nork jaten du nor? Gainera, hezeguneak behatzeko hainbat gune ditugu, altuera desberdinetan kokatuak. Benetako gozamena da leku hau.
Eraikin berean kafetegi bat terrazarekin ere badugu, indarrak hartzeko ezinbestekoa.
Salburutik txangoan
Ataria bisitatu ondoren, hainbat txango ditugu inguruan, oinez, bizikletaz edo haur-gurdiekin egin ahal izango ditugunak. Hainbat ibilbide daude hezeguneetan bizi diren animaliez gozatzeko: ahateak, zikoinak, oreinak… Ibilbidean zehar, etxola pare bat ere aurkitu ditugu hezeguneak ikuspuntu hurbilago batetik ikusteko. Bidea laua da eta ez du desnibelik.
Gasteiz inguruan bazaude, ezinbestekoa duzu plan hau eta Berganzoko uraren bidea egitea.