Busturian, Urdaibai erreserbaren erdian, Madariaga dorretxea aurkitzen dugu. Eraikin berezi honetan Ekoetxea Urdaibai zentroa kokatzen da, guretzako ezinbesteko leku bat, batez ere neguan edo egun euritsuetan. Itzelezko paisaia batez gozatzeaz gain, Ekoetxearen egitarauaren barnean beti aurkitzen ditugu familia osorako tailerrak. Ekintza guztiak, era batera edo bestera inguratzen gaituen ondare naturalarekin eta kulturalarekin erlazionatuta daude eta modu jasangarriago batean bizitzen ikasteko helburua dute (Ikusi egitaraua HEMEN).
Dorretxearen barnean ‘Zer da biodibertsitatea?’ erakusketa iraunkorra ikus dezakegu, oso polita eta ikusgarria. Pixkanaka-pixkanaka biodibertsitatearen kontzeptura hurbiltzen joango gara erakusketan zehar, azkenik Euskadiko eta Urdaibai Biosfera Erreserbako biodibertsitatearen ezaugarriak ezagutzen amaitzeko. Bisitarekin amaitzeko, dorretxearen goialdean dagoen begiratokira joateko aukera dago. Bertatik Urdaibaiko ekosistemak beha daitezke eta inguru ikusgarriaz gozatu ere bertan dauden teleskopioei esker: padurak, San Pedro Atxarre, Izaro uhartea, Laida hondartza…
Gainera, eraikinaren kanpoaldean landa asko dago eta taberna bat ere, zeozer hartzeko, umeek parkean edo laberintoan jolasten duten bitartean.
Benetan leku zoragarria da familian arratsalde edo egun pasa egiteko.