Fuente-Dé-Teleférico
Topak Txangoak

Fuente Dé: Kantabria aldean egiteko familia txango ikusgarria.

Badira gogoan betirako gordeta geratzen zaizkigun irtenaldiak. Fuente Dé eta bertako teleferikoa dira horietariko bat. Azken honek, mendi tontorrera, 2000 metrotako altuerara, igoko gaitu minutu gutxitan. Bidaia bizkor bezain ikusgarri eta seguruan.

Familia txango ikusgarria

Kantabrian kokatzen den bidaia ikusgarri hau nire alabaren adina nuela egin nuen lehendabizi, eta oraindik gogoratzen dut teleferikoan egindako igoaldia. 4 minutu zirraragarritan mundu ezberdin batera bidaiatzea bezalakoa da, mendi paisaia zoragarrietara.

Goikaldean hainbat ibilbide izango dituzue eskura. Guk Aliva hotel-aterpetxekoa aukeratu genuen. 7 Km luze dituen joan-etorri dotorea. Paisaia zoragarri honetan zehar izotz ugari mantentzen duten hainbat hozkailu natural ikus ditzakegu. Gogoratu beharra dago, Fuente Den izan dezakezuen eguraldi ederrenarekin ere tontor hauetan fresko xamar egiten duela. Gure kasuan aldaketa 20ºtik 6ºtarakoa izan zen. Beraz, ez ezazue txamarra kotxean ahaztu!

Beste ohartxo bat badaezpada; helmugako hoteleko teilatua berde kolorekoa da, ez dezazuela bide erdian aurkitzen den teilatu gorriko eraikinera iritsi izana gehiegi ospatu. Beste tartetxo bat duzue aurretik oraindik. Bitxikeria bezala, eraikin hau Alfonso XIII-k erabili izan zuen bere ihesaldietarako.

Eta azkenik hotelera iristeran, salda beroa. Gorputza berotu eta zaporeaz gozatzeko gure gomendioa.

Teleferikorako sarrerak haien web orrian dituzue eskuragarri. Denboraldi altuan, 18€ balio dute nagusientzako eta 7€ dira 6 eta 12 urte arteko haurrentzat. Denboraldi baxuan ordea 17€ nagusiak eta 6€ haurrak.

Azken aholku bezala, Fuente Dé-tik gertu duzue Potes herri bitxi eta interesgarria. Kantabriar sagardoaz gozatu eta “San Vicente” eliza edo “Torre del Infantado” bezalako eraikinak bisitatzeko aukera bikaina aprobetxatzeko.