Aipagarria Txangoak

Gernikatik Belendizera, Urdaibai ezagutzen

Urdaibaik ibilbide oso politak eskaintzen dizkigu familian gozatzeko. Oraingoan, Gernikatik Belendizera doan ibilbide zirkular bat ekarri dizuegu, oinez, haurraren gurdiarekin edo bizikletaz egin dezakezuena. Ibilbidea familia guztiarentzat egokia da.

Guk ez genuen ezagutzen eta, egia esan, onerako harritu gaitu.

Ibilbideak 6 kilometro inguru ditu eta Gernikako Olesko auzoan hasten da. Lorategietan dagoen aparkalekuan utz dezakezue autoa, Oleskoko errotondara iritsi aurretik, edo Gernika erdigunetik oinez joan zaitezkete (10-15 minutu inguru).

Txangoa, Olesko tabernaren ondoan dagoen zubia igaro ondoren hasten da. Handik metro gutxira, derrigorrezko lehen geralekua aurkituko dugu, txikitxoekin bagoaz behintzat: animalia mota ugari dituen baserria. Guk Gernikako Basondo txikia deitzen diogu. Hemen aurkitu ditzakegu antxumeak, Vietnamgo txerri bat, indioilarrak, ponyak… Hemendik zuzen jarraitu beharko duzu Barrutiako eskoletara iritsi arte. Bidea eskolen aurretik doa eta oso ondo seinaleztatuta dago. Bigarren geralekuan, Barrutiatarren dorretxea aurkituko dugu. Oso ondo kontserbatutako dorre eder bat. Urdaibaiko txakolin-mahastiak dira gomendatzen dizuegun hirugarren geralekua. Gainera, bide osoan zehar, ikuspegiek ez zaituzte axolagabe utziko. Oiz mendia, Ilunzar… begi aurrean izango ditugu bidean zehar. Laugarren geralekua Belendizen dago. Hemen atseden pixka bat hartu eta hamaiketakoa har dezakegu, haurrak parkean eskalatzen, txirristan jaisten edo ibaian freskatzen diren bitartean.

Gernikara itzultzeko, ibaiaren ondotik doan bidegorria hartuko dugu. Bidegorri hau, Belendiz eta Gernika lotzen dituen errepidearen ondoan aurkitzen da. Kilometro pare baten ondoren, abiapuntura iritsiko gara eta hemen Olesko tabernan zerbait hartzeko aprobetxa dezakegu. Bitartean, haurrek hasieran aipatu dizuegun baserriko animaliak bisitatu edo taberna aurreko parkean jolastu dezakete.

Labur esanda, Urdaibaitik barrena ibilbide hau egitea gomendagarria baino gomendagarriagoa da. Txikiekin egiteko primerakoa da. Guk seguru errepikatuko dugu. Eta zuek, animatzen zarete? Ziur gaude ez dizuela huts egingo.