Noiz hasten dira haurrak landareen eta animalien arteko harremanaz kontziente izaten? UPV/EHUko ikerketa baten arabera, zortzi urte bete baino lehen, animaliak eta landareak naturalki erlazionatzen hasten dira beren marrazkietan. Lan hau Sustainability aldizkari zientifikoan argitaratu da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile hauek sinatu dute: José Domingo Villarroel, Álvaro Antón, Teresa Nuño eta Daniel Zuazagoitia.
Ikerketa taldeak hauteman du haurrak 4 eta 7 urte bitartean landareen mundua animaliekin lotzen hasten direla, landareak marrazteko eskatzen zaienean. Ikertzaileek 328 marrazki aztertu dituzte; zehazki, 162 neskatok eta 166 mutikok Haur Hezkuntzako azken mailetan eta Lehen Hezkuntzako lehen mailetan egindakoak.
Duela bost urte hasi ziren marrazki espontaneoen bitartez aztertzen haurrek ingurune naturalari buruz duten ezagutza, eta hortik abiatuta ari dira ikertzen haurrek zer-nolako ezagutza duten ingurune naturalari buruz. Alde horretatik, ikertzaileek gogorarazi dute haur txikien marrazkiak hertsiki lotuta daudela beren pentsamendu eta sentimenduekin. Hori dela eta, haurren irudikapenak aztertzea prozedura baliagarria da haien kontzeptuen garapena hobeto ulertzeko.
Ikerketa sei ikastetxetan egin zen (Bizkaiko bostetan eta Burgosko batean). Hiru ikastetxe 75.000 biztanletik gorako hiriguneetan daude, eta gainerakoak 6.000 biztanletik beherako landa eremuetan daude. Ikastetxeen arteko distantzia ehun kilometrotik beherakoa da.
Ikerketa prozesua
Ikasgelan, txotxongilo bat erabiliz, haurrei azaldu zitzaien txotxongiloak ez zuela landareen munduaren inolako berririk, eta eskatu zitzaien marrazkien bidez azal ziezaiotela zer diren landareak. Asko jota 15 minutuan, partaide guztiek, lehenik marraztuz eta ondoren koloreztatuz, landareen errealitatea ulertzeko beren modua adierazi zuten. Bakoitzak koloretako 10 arkatz zituen. Marrazkiok banaka egin zituzten, ikertzailearen aurrean, ikasgelaren alboko gela batean edo ikasgelako bertako gune jakin batean. Haurrek ez zuten landareei, animaliei edo horien arteko interakzioari buruzko argibiderik edo azalpenik jaso, ez ariketaren hasierako aurkezpenean, ez banakako bileretan.
Marrazkiak aztertzean ikus daiteke ondo erlazionatzen dituztela animalien eta landareen mundua. Esate baterako, animaliak ageri dira landareez elikatzen. Hau da, 8 urte izan baino lehen, izaki bizidunak ezagutzen eta bereizten dituzte, bai eta izaki bizigabeak ere, hala nola eguzkia, hodeiak eta ibilgailuak. Hori bai, adinean aurrera egin ahala, gero eta gehiago marrazten dituzte animaliak eta landareak elkarri lotuta.
Emaitza hauek agerian utzi dute hezkuntzako lehen faseetan jada gai direla fenomeno naturalak ezagutzen lagunduko dieten oinarrizko kontzeptu biologikoak bereizteko. Hori dela eta, posible da Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan biologiarekin edo jasangarritasunarekin lotutako kontzeptuei buruzko material didaktikoa sartzea.
“Ondorio gisa, –adierazi du José Domingo Villarroelek, Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikertzaileak‑ baiezta daiteke ebidentzia hauek bat datozela haurrak ekosistemako izaki bizidunen arteko interdependentzia zortzi urte izan baino lehen ulertzen hasten direlako hipotesiarekin. Hori aukera bat da haurrek izaki bizidunen arteko (gizakiak barne) lotura ekologikoei buruz hausnar dezaten, eta helburu hori izanik eragin nabarmena lortuko litzateke ingurumenari buruz duten pentsamenduan”.