Atsegin al zenukete bizipen berezi, dibertigarri eta konstruktibo bat? Katokalek eskeiniko digu bada, Bermeon, Urdaibain goza dezakegun lehen “Escapevillage” jolasa: TopaBermeo. Zertan datzan? Gure lana, Katokaleko maskota den Beka katuak galdu dituen giltzak berreskuratzea da. Giltz hauek gabe, ezingo dugu San Juan pasabidea zeharkatu eta beraz, herrian harrapaturik geratuko gara betirako… Gure askatasunera eramango gaituen giltzak aurkitzeko, gu eta gure txikitxoak, detektibe bihurtu beharko gara, herriko inguru desberdinetan zehar pistak bilatu, altxor kutxak ireki eta korapilo eta buru-hauste desberdinak argitu beharko ditugu.
Jolasa oso dibertigarria da, eta beste “scaperoom”etan gertatzen ez den bezala, oraingoan ez dugu denbora mugarik izango, eta gustuko ditugun beste hainbat ekintza nahastu ditzakegu jolasarekin, halanola, pintxo bat jan, arrantzaleen museoa bisitatu, ikuspegi ederrak gozatu eta pistak dauden ingurutik turismoa egin. Gainera, jokoaren zailtasuna norberak jartzen du, hasieran emango zaizkigun pistak zabaltzeko aukera baitugu uneoro. Pista hauekin guk erabakiko dugu zenbat laguntza jaso edo korapilo bakoitzak zenbat denbora iraungo duen.
TopaBermeo jolasak gure zentzumenak pizten ditu eta inoiz egin ez bezalako turismo batean murgiltzen gaitu. Agian ezagutzen duzue iadanik Bermeo, edota bertako biztanleak zarete, baina jolas honen bitartez, txoko berezi hauek begi berriekin ikusiko dituzuela bermatzen dizuegu. Eta ezin dugu gehiago kontatu. Onena, zuek zeuen kaxa jokoaz gozatzea da, eta benetan gomendatzen dizuegu.
Jolasak, 10€ balio du pertsonako, eta haur eta maskotek ez dute ordaindu beharrik. Erreserbak 674 429 725 telefonoan egin ditzakezu. Informazio gehiago www.katokale.com eta @katokalejokoak sare sozialetan.