Interesgarria

Lau oparien araua

Zelan ekiditu oparien elur jausia Gabonetan

Gabonak heltzear daude eta aurten ezberdinak izango direla sumatzen dugun arren, ziur nago Olentzero eta Errege Magoak berdin berdin etorriko direla. Danok dakigun moduan, Gabonak txikientzako egun bereziak dira eta opariak zabaltzea euren momenturik gogokoena. Hala ere, zenbait gurasoentzat buru hauste handia izaten da. Nor dago prest oparien elur jausi berri baterako?

Gu jostailuz beteriko etxe txiki batean bizi gara eta “pertsonaia magiko hauek” opari sorta berri batekin agertzeak, ez digu batere graziarik egiten. Gainera, kasu gehienetan ez dira opari txikiak izaten ezta?

Aurten, joera kontsumista horren aurka borrokatu eta oparien abalantxa hori saihesten ahaleginduko gara edo behintzat, oparien kontua modu “desberdin” batean antolatzen. Horretarako, internetera joan naiz eta gai honi buruz hitz egiten duten hainbat artikulu interesgarri aurkitu ditut. Horietako bat ‘lau oparien araua’ da.

Zertan datza lau oparien araua?
Arau hau haurrari lau opari bakarrik ematean datza. Bai, zuzen irakurri duzu, lau, ez zortzi, ez hamar, ez hamabi. Lau. Lau dira adituek haurrentzat gomendatzen dituzten oparien kopurua gabonetan. Ikerketa ugariren arabera, haurren% 80ak behar baino opari gehiago jasotzen dituzte. Honen ondorioa hiperestimulatutako haurrak dira.

Gabonetako oparietan kantitatearen ordez kalitatearen aldeko apustua egitea da Lau oparien arauaren xedea. Benetako erronka haurrentzat, dena izateko desira mugagabea sentitzen dutelako. Baina… benetan gozatzen al dute jostailu mordoa lortzen duten bakoitzean? Benetan baloratzen al dute opari bakoitza? Ez dut uste. Ez al zaizu inoiz gertatu pakete asko ireki ondoren, umeak 60 euro kostatu zaizun jolasarekin jolastu beharrean honen kutxarekin gehiago jolastea?

Baina tira, honaino iritsi bazara eta arau hau praktikan jartzea erabaki baduzu, jakin beharko zenuke opariak honako hauek izan behar direla:

– Nahi duten gauza bat
– Behar duten zerbait
– Janzteko zeozer
– Irakurtzeko zerbait

Nahi duten gauza bat
Hau oso erraza da betetzeko, txikiek dena nahi izaten dutelako.

Behar duten zerbait
Hau da erosiko duzun opari bat bai edo bai. Gure aholkua da Gabonak arte itxaron dezazula eta opari gisa jaso dezaten. Bizikleta, ordenagailua, oinetakoak … izan daitezke.

Janzteko zeozer
Egunerokotasunerako arropak erosteaz gain, atal honetan gustuko duten superheroi gogokoenaren edo printzesa edo unicornioaren mozorroa jar dezakezu opari gisa.

Irakurtzeko zerbait
Txikientzako egokitutako euskarazko eta gaztelaniazko liburu ugari ditugu, baina zer iruditzen zaizu ipuin bat, olerki bat edo gutun pertsonal bat bezalako zerbait berezia egitea, zuk sortutakoak alegia. Hauekin zein bereziak diren zuentzat edota zenbat maite dituzun esango diezu. Zalantzarik gabe, euren bihotzean geratuko den zerbait izango da.

Eta orain lau oparien araua ezagutzen duzula, ausartzen zara praktikan jartzen?