Gipuzkoa en familia
Aipagarria Txangoak

Ezagutu Gipuzkoa familian: Aiako Harria

Asteburua pasatzera Irunera (Gipuzkoa) joan ginela aprobetxatuz, inguru horretan zehar gomendatu zizkiguten familia-ibilbideez gozatzea erabaki genuen. Horietako bat Aiako Harria parke naturalean dago, Irun eta Oiartzun artean, Gipuzkoako arrokarik zaharrenak hartzen dituen berdegune zoragarri batean.

Ibarlako aparkalekuan hasten da ibilbidea, han autoa utzi eta Ola burdinolaren ondora eramango gaituen pista hartuko dugu. Han ere banbuak ikusi genituen, Pobalekoan bezala. Hemen informazio-panel bat aurkituko dugu, hiru ibilbide dituena aukeran. Gure asmoa 6 kilometro inguruko txangoa egitea zen, baina azkenenan 12,5 km egin genituen, 500 metroko desnibelarekin. Zergatik? Ba mendira goazenean ‘extrem’ egitea gustatzen zaigulako. Eta zer da ‘extrem’ hori? Oso erraza, asfaltozko pista bat edo mendiko bidezidor bat baldin baduzue, bigarrena aukeratzea beti. Eta gainera ibairen bat igaro behar bada, enborren bat saltatu edo lokatzetan zapatilak zikindu, are hobeto. Horixe egin dugu oraingoan. Ibilbidea azaltzea oso zaila da, hala ere Aiako Harria Parke Naturalak eskaintzen duen edertasunaz gozatu ahal izan genuen.

Gure txangoan hainbat geldialdi egin genituen, eta zuek ere egitea aholkatzen dizuegu, batez ere txikienekin bazabiltza. Lehena Irugurutzetako labeak dira. Historia handiko lekua da, Gipuzkoan dagoen labe-bateriarik handiena eta Euskal Herriko garrantzitsuenetakoa. Labe batzuk oso ondo kontserbatuta daude eta tamaina harrigarria dute. Bidearen hasieratik metro gutxira daude, eta bertara iristeko pista oso irisgarria da, orga edo bizikletaz egiteko.

Bigarren geltokia Aitzondoko ur-jauzia da, 140 metroko jauzia. Bere oinarrira iristeko meatze-barrakoi zahar baten hondakinen ondotik igaro behar izan genuen. Baina gure ibilbideak ur-jauziaren goiko aldetik eraman gintuenean bakarrik gozatu ahal izan genuen ur-jauziaren osotazunaz paisaia harrigarrian. Benetako gozamena.

Hirugarren geltokian txikiek primeran pasatuko dute. Meazuri inguruko tuneletan, haitza zeharkazten duten pasabide sorta bitxia.

Azken batean, familian egiteko guztiz txango gomendagarria, eguna ahaztezina izan dadin osagai guztiekin; Ibaiak, ur-jauziak, haranak, tunelak, pago-basoak…

Leku zoragarri hau bisitatzera animatzen zara?