Azkenik, El Pobaleko burdinola bisitatu genuen. Aspalditik ari ginen plan hau familian noiz egingo zain. Txango ezinhobea da daukan ondare-balioa eta kokatzen den inguruagatik.
El Pobaleko burdinola Muskizen (Bizkaia) dago eta Bizkaiko industria-aztarna baliotsuenetako baten benetako harribitxi bat barruan gordetzen duen museoa da.
Errepidearen ondoan dagoen aparkalekuan hasiko gara, eta hortik burdinolara jaisteko dagoen bidea hartuko dugu. Baina hara! eraikinera iritsi aurretik, banbuez jositako baso bat aurkitiko dugu. Leku ikusgarria benetan… Labirinto bikain eta harrigarria da umeek gozatzeko, bertan izkutaketara, korrikan eta eskaladan ibili ahalko dira etxeko txikienak. Baso honen ondoan, Barbadun ibaia dago, burdinolari martxan jartzeko behar duen energia ematen diona. Ezinezkoa da ur gardenak ukitzeari uko egitea edo presaren aurrean harritik harrira pasatzea. Udazkenean joan ginenez, ibaian plisti plasta ibiltzeko gogoz geratu ginen.
Pixka batean banbuen artean jolastu ondoren, burdinolara sartu ginen. Txikiak liluratuta geratu ziren gidaren azalpenekin eta uraren indarrarekin, errotaren eta burdinolaren makinak nola mugitzen zituen ikusita.
Guk larunbat batean egin genuen bisita Egun horretan errementariak jartzen dituelako martxan labeak burdina nola egiten den erakusteko. Pena da Covid dela eta oso laburra dela erakustaldia. Hala ere, ikusgarria eta oso interesgarria da.
Hamabi urte arteko haurrek doan dute sarrera eta helduek 3,5 euro ordaindu behar dituzte.
Bisita amaitutakoan, Muskizeraino doan bide berdea egin eta Muñatones gaztelua bisitatu dezakezue, edo autoa hartu eta Pobeñatik Kovaronerako bidea egin. Zuen aukera edozein dela ere, ziur gaude egun bikaina emango duzuela Bizkaian familian.