Hemeroteca

Uraren Festa

Ekainaren 3an, Uraren Jaiaren 25. edizioa ospatuko da Arrigorriagako Agirre Lehendakariaren parkean. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak antolatzen duen ekitaldi horren bidez herritarrak, bereziki, gaztetxoenak, kontzientziatzea da asmoa, ekosistema urtarraren biziraupenerako uraren zentzuzko erabilerak eta kutsadura saihesteak daukaten garrantziaren inguruan.

Jarduera ludiko eta hezigarri hori Beteluriko araztegitik kanpo egiten den lehenengo aldia da. Arrigorriagako herrigunean bertan ospatuko da jaia, hala ere, jardunaldi osoan zehar bisita gidatuak antolatuko dira begirale espezializatuen eskutik edateko uren tratamendutegiaren funtzionamendua (Ur Partzuergoak kudeatzen duen garrantzitsuena) ezagutzeko. Betelurira iristeko autobusak jarriko dira, eta nahitaezkoa izango da aldez aurretik jai-eremuan bertan izena ematea.

Programatutako 40 jarduera baino gehiagoren artean, igande honetan Arrigorriagara hurbiltzen direnek tailer didaktiko eta artistikoetan eta erakusketetan parte hartzeko aukera izango dute. Horrez gain, etxeko txikiek ondo baino hobeto pasatzeko hainbat jarduera izango dituzte: puzgarrien parke bat, arrantzan egiteko eta txalupekin jolasteko igerileku txiki batzuk, ur-arrapala bat, ludoteka, ohe elastikoak eta urari eta ingurumenaren babesari lotutako alderdiak lantzeko beste hainbat jolas eta espazio ere.

Bestalde, goizeko lehenengo orduetatik txaranga bat ibiliko da esparru osoan zehar, eta kaleko antzerkia, magia, photocall-a eta diskofesta egongo dira. Uraren Jaia irratiak girotuko du jai-eremua. Halaber, bertaratzen diren guztientzako hamaiketako txiki bat antolatu da: fruta freskoa eta jaiaren irudiarekin atondutako baso bat ur (oroigarri gisa etxera eraman ahal izango dena). Instalazioak apainduta egongo dira eta beharrezko zerbitzu guztiak izango dituzte, baita haurtxoak edoskitzeko eta aldatzeko eremu bat ere. Gaztetxoak, hala nahi izanez gero, eskumuturrekin identifikatuko dira.

Euria bada, estalitako eremu bat prestatuko da parkean bertan.