Hemeroteca

Musika familian ‘Kristalezko Kioskoa’ programarekin

Andrés Isasi Musika Eskolak eta Kultur Etxeak, musika eta kultura sustapenerako Stereosonik elkartearekin elkarlanean, «Kristalezko Kioskoa» programa antolatu dute. Ekimen horrek familia osorako goizeko kontzertuak hartuko ditu, bertoko talderen eskutik, eta baita haurrentzako tailerrak ere. Horiek guztiak bost asteburutan zehar izango dira, maiatzetik urrira, Algortako Musika Eskolako Kristalezko Kioskoan, 12:00etatik 14:00etara, eta doakoak izango dira.

Programaren xedea belaunaldi guztietako publikoa biltzea da musikaren bitartez. Horrela, gazte zein helduek kontzertuez gozatzeko au kera izango dute musika eskolako kale-ingurunean. Aldi berean, haurrek musikaren onurak eta eraikin berria ezagutu ahal izango dute.

«Kristalezko Kioskoa» programa maiatzaren 5ean, larunbatean, abiatuko da musika eskolako jazz taldearen eta Estatu Batuetako Pazifikoko kostaldeko erritmoak jotzen dituen Costa Oeste bandaren eskutik. Gainera, lehenengo egunean ipuin-kontaketa musikala izango da keinu-hizkuntzaz. Biharamunean, igandean, musika eskolako hari-orkestra eta Larry Bird (Rockein 2014 jaialdiko euskarazko talde onenari emandako sariaren irabazlea). Eguna borobiltzeko, gai birziklatuez eginiko musika-tresnen tailerra izango da.

Ekainaren 10ean, larunbatean, Guda Dantzaren txanda izango da eta musika beltza eta Jamaikako doinuen nahasketaz gozatzeko aukera izango dute zaleek. Haur tailerrean, berriz, ukelelea izango da protagonista. Uztailaren 8an, igandean, Cocktail Riders laukoteak jazz estandarrak, soul, swing, bolero eta bossa-nova doinuak ekarriko ditu Getxora. Halaber, Crazy Jazzers bandak New Orleanseko kale-erritmoak joko ditu. Egun horretan bi tailer izango dira, lehenengoan gorputz- eta musika- espresioa landuko da eta, bigarrenean, «Musika iluntasunean» izenekoa, margolan fluoreszenteak eta doinuen interpretazioa uztartuko dira.

Udako oporraldia amaitu ondoren, zikloa irailaren 16an, igandean, itzuliko da, euskal eta irlandar erritmoak uztartzen dituen Clowerwind taldearen eskutik. «Musika kutxan» tailerrean, gaztetxoek hainbat tresna topatu ahal izango dituzte kutxa magiko baten barruan. Zikloa urriaren 7an amaituko da Moonshakers taldearen saioarekin. Rock banda horrek eragin psikodelikoak ditu eta baita surf-musikarenak eta garaje-doinurenak ere. Azken tailerrari dagokionez, musika eta pintura abstraktua nahastuko dira emozioen bitartez.

Haurrentzako tailerretarako (4 eta 16 urte bitartekoentzat) izen-ematea lucia@froggie.es e-postaren bitartez egin behar da, ekainaren 10eko tailerra izan ezik. Azken horretan parte ahal izateko produccion@stereosonik.com e-postara idatzi behar da. Beharrezkoa da haurraren datuak jartzea eta baita, aita, ama edo arduradunaren izen-abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia.